XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizibeharra eta ezinbizia aurrean ditugu, ezin ditzakegu besterik gabe guregana usteak, sinesteak, bizibideak, ohiturazkoak direlako bakarrik, zehatz eta astiro esaminatu gabe.

Trankilago bizi gaitezke uholdeek eta haize-erauntsiek ere iharrosten ez duten etxean, oinarriak berak koloka dauzkanean baino. Egia.

Atseginagoa zen Lizardiren mundu geldia gaurko gozogabe hau baino. Egia hori ere.

Ez du ordea inork bere mundua, giroa eta sorteguna aukeratzen.

Nor geure aldian eta tokian gertatzen gara, nola ez dakigula.

Eta gurekin jaiotzen da, geure aldiko seme jatorrak bagara, harako antzinakoen amor fati hura, gure denbora gure sorterria bezalaxe beste edozein baino maiteago bihurtzen diguna.

Gurea delako nonbait, guretarrekin itsatsirik gaudelako.

Nik ez dut Txillardegi bakarrik ikusten.

Txillardegi eta Leturiaren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aitzindari gisa agertzen zaizkit.

Ez dut uste oker nagoenik eta ez nuke inolaz ere oker egon nahi.

Ate joka ditugu dagoeneko deus gutxi ezagutzen ditugun ondorengoak.

Gizaldien arteko borroka etengabea behin eta berriro kontatua izan da.

Ez dute inoiz zaharragoek oso begi onez ikusten gazteagoen etorrera.

Gezurra nioke, neronek, baldin banio ez dudala halako erresumin ixil baino bizi bat sumatzen.

Begiak zabal zabalik izaten dituzte gazteek zaharragoen alde txarrak hutsak, txorakeriak, itxurakeria batez ere ikusteko.

Badakite gainera bere dutela gazteek, zuzen ala oker, azken hitza.

Gure artean, ordea, gaur eta hemen, argi eta garbi ageri da jende berriaren premia.

Ez dut deus esango neure kideko eta zaharragoen kontra, neure buruaren kontra mintzatzea bailitzake.

Aldi txarrean jaio gara gure neurriaren betea agertzeko:(...).